Astore markaren historia
third half spirit
Astore: sinbolo bati buruzko elezaharra.
Bere burua modu askotara aurkezteko dohaina zuen aztore bati buruzko elezahar bat entzun nuen behin. Aztorearen botere nagusia taldeko espiritu bihurtzean zetzan, aurkaritasun sanoari eta norberak bere burua gainditzeko gogoari eutsiz.
Oso zaila zen hura ikustea, baina guztiek zekiten non zebilen: sentitu egiten zen. Nahikoa zuen hegoei behin eragitea, lokaztutako joko-zelai bat lagunartean esperientziak kontatzeko aukera emango zuten eserlekuen multzo eroso bihurtzeko. Bi aldiz eraginez, izerdia lurrin bihurtuko zuen, eta ahaleginaren keinua, berriz, irribarre. Hegoak hiru aldiz astinduz gero jokalarien arbasoei dei egiteko gai zela esaten zen, eta berraragitu egiten zirela, hainbat urte edota mende lehenago beren borroka-leku izan ziren toki eta inguru haiek elkarrekin partekatu ahal izateko.
Aztorea espiritu mitikoa zen, itsasoaren ondoko mendien espiritua. Baina, behin, halako batean, ordura arte izan zena izateari utzi zion kirolak, eta gatazka, borroka, bihurtu zen, kirol legerik gabeko borroka. Eta soroen artetik nahiz marraz estalitako zelaien artetik hegan ibili izan zen espiritu mitiko hura preso gelditu zen kaiola batean.
Orduan, desagertu egin ziren norgehiagoka aritu ondoren jokalariek lehia sanoko uneak elkarrekin partekatzen zituzten garaiak, izerdiz, ilusioz eta errebantxaz bustitako elastikoak jantzi eroso eta atsegin bihurtzen ziren uneak; eta horrela, ahaztu egin ziren third half spirit edota taldeko espirituaz, besarkada zintzoez, begietara begiratzen zion pertsona batekin lehiatu izanaz harro sentitzen ziren uneak...
Baina aztorearen ezaugarri nagusietako bat bere burua moldatzeko duen gaitasuna da, inguru eta giro desberdinetara egokitzeko duen gaitasuna. Elastikoa da, dinamikoa, malgua, soila, dotorea benetan, eta, saiatua, hori batez ere.
Pentsa zenbateraino: gai izan zen bere burua ihar-ihar egiteko, eta, horrela mehetuta, kaiolaren burdin hesien artetik ihes egin zezakeela jabetu zen. Ingurura moldatzeko, etengabe aldatzen ari zen errealitate hartaz jabetzeko gaitasun erabatekoa erakutsi zuen, eta argi erakutsi zuen, gainera, garai bati zegozkion aldaketetara moldatu beharrean, aldaketen garai batera moldatu zuela bere burua.
Iritsi zen burua burdin hesitik kanpora atera zuen eguna; eta iritsi zen, burua ez ezik, gorputz osoa kaiolatik atera zuen eguna ere. Ikusi zuena gustatu ez zitzaionez, sinbolo bihurtzea erabaki zuen. Baina sinbolo berezia izango zen, botereak zituen sinboloa. Izan ere, aztoreak pentsatu zuen ordura arte izan zena besteei ikusarazteko modurik onena, bakarra ez bazen, azalari itsastea zela, pertsonen azalari itsastea, bakoitzaren bihotzetik gertu egoteko.