Albistea...

Amorrortu eta Etxarri Euskadiren entrenatzaileak izango dira Tunezen aurka

2011-12-12Mikel Etxarri eta Tunezen aurka estreinatuko den Jose Maria Amorrortu entrenatzaileek, Santiago Arrospide Euskal Federazioko presidenteak eta Jon Ander Ganboa idazkari nagusiak aurkeztu dute gaur Bilbon Euskal selekzioaren hurrengo partida. Hitzordua abenduaren 28an izango da, 20:45etan San Mamesen, eta aurkaria, Tunezeko Selekzioa.

Partida honetarako, Astorek promozio berezia ipini du abian: sarrera bat erosiz gero, %10eko deskontua lortuko du zaletuak selekzioaren elastikoan. Helburua da futbol-zelaia eta harmailak Euskadiko koloreez margotzea, eta horretarako hau da Euskadiko hamaika dendetan abian jarri dugun kanpainaren leloa: Berdegunetik harmailetara, kolore bakarra!


Etxarri eta Amorrortu lanean ari dira dagoeneko selekzioa osatzen eta aurkaria aztertzen. Tunez urtarrilean Afrikako Kopan arituko diren jokalariekin etorriko da. "Selekzio azkarra da, eta oso finak baloiarekin", azaldu du Amorrortuk.   

Federazioko kideek azpimarratu dute partida honek euskal fubolaren jaia izan behar duela eta, horregatik, zaletuei eskatu diete ez errepikatzeko, arren, iazko iztiluak. "Bengalak piztea eta jendea zelaira jeistea oso kaltegarria da euskal selekzioarendako: bai irudi aldetik baita ekonomikoki ere", azaldu du Arrospidek. Partida honetan Iturralde Gonzalez arbitroari omenaldia egingo zaiola gaineratu du Federazioko presidenteak.

Sarreren salmenta
Sarrerak BBk-ko kutxazainetan salduko dira 16tik 25era, San Mamesen bertan 26tik 28ra, eta Gipuzkoa eta Arabako Federazioaren egoitzetan.