Astore Lagunak kuadrilla handitzen jarraitzen dugu!

portada Presentacion Lur

“Gutxiengoak mugitzeko” (Mover minorías) gure filosofia jarraituz, Lur Errekondo harri-jasotzaile eta telebistako aurkezleak bat egiten du gure taldearekin, eta hemendik aurrera gure arropak janzten ikusiko duzue bere entrenamenduetan eta bere egunerokoan. Kirolari hau eskubaloiko jokalari profesionala izatera zuzendua zegoen, baina etengabeko lesioak zirela eta bere ametsa alde batera utzi eta beste maila batean jokatzea erabaki zuen, Bera Beran jokatu zuen 2012tik 2017era bitarte. Bokazio hori familiatik zetorkion, aita ere hala izan baitzen. Iaz harri bilketa probatu zuen eta lotu egin zen. Gainera, Gipuzkoako harri jasotzaile txapelketa irabazi zuen. Kirolaz gozatzeaz gain, telebistan lehen urratsak eman ditu aurkezle gisa. EITBn Naufragoak telesaioa aurkeztu zuen iaz, Iñigo Vicensekin batera, eta aurten ETB 2n El conquistador del Caribe saioaren XIX. edizioa aurkeztu du Julian Iantzirekin batera.

Lur Errekondo Astore 2023 04 27 3259 NEF DxO DeepPRIME 1
Lur Errekondo Astore 2023 04 27 3320 NEF DxO DeepPRIME

Lur, ongi etorri Astore taldera! esaiguzu, zerk erakarri zintuen harri-jasotzetik?

Ba Euskal Herriari errotuta dagoen kirol bat izateak gehien bat. Lagun batek animatu ninduen harria probatzera belauneko azken ebakuntzatik errekuperatzen ari nintzela (erabakita nuen iada ez nintzela eskubaloira bueltatuko) entretenigarria iruditu zitzaidan, gustuko bihurtu zen eta horretan nabil.

Zer erronka dituzu kirol-diziplina honetan?

Kirol honetan erronkak nire buruarekin ditut gehien bat. Konpetitzea gustuko dut eta horrek, helburu txikiak jartzeak, eramaten nau horiei begira entrenatzera. Erronka berriak probatzea gustuko dut eta aurten oraingoz binakako Pentatloira aurkeztu naiz dinamikoagoa eta gehigarri gehiago dituela iruditzen zaidalako, beraz, ea zer moduz ateratzen den.

Lur Errekondo Astore 2023 04 27 3449 NEF DxO DeepPRIME
Lur Errekondo Astore 2023 04 27 3612 NEF DxO DeepPRIME 1

Nola entrenatzen zara?

Harriarekin astean bitan entrenatzen dut asteburuan erakustaldi edo txapelketarik eduki edo ez. Nahikoa da entrenamendura fresko iristeko eta egin beharreko lana ganoraz burutzeko, gehiagotan harria eginez gero indar falta nabarmen geratzen da. Bestelako entrenamenduak, crossfita edota pentatloirako entrenamenduak egunero egiten ditut. Sasoiko egotea ezinbestekoa da zabiltzan horretan gogor aritzeko eta noski, lesioak ekiditeko, nik ditudan aurrekariak ikusita ezin dut horrekin jolastu.

Eskubaloia faltan botatzen duzu?

Izugarri! Nahi eta ezin horietako bat da. Haurra nintzenetik ikusi, jarraitu eta pasioz buru-belarri bizitza osoan egin dudan kirola izan da. Ez nuen besterik buruan eguneko 24 ordutan, beti izan da nire lehentasuna. Lesioak, buruhausteak, etsipena, bakardadea, amorrua, hutsunea, mina, haserrea eta ezina sentitutakoa nahiz maiz, baina hala ere, kirol horrek eman didana ez dit beste batek eman ezta emango ere.

Lur Errekondo Astore 2023 04 27 3633 NEF DxO DeepPRIME
Lur Errekondo Astore 2023 04 27 3128 NEF DxO DeepPRIME

Harri jasotzea edo telebista gustukoago duzu?

Bai, biak ditut gustuko bere neurrian. Bizitza etapatan banatuta dagoelakoan nago eta orain nagoen honetan asko ari naiz ikasten eta gozatzen eurekin. Alor bakoitzean jorratu beharreko paperak, testuinguruak eta inguratzen duen mundua barrutik ezagutzeak ikasketa pertsonalerako altxorra dira. Guztiak elikatzen du bat, modu batera edo bestera, eta niri aberasgarri egiten ari zait etapa honetan bizitzen ari naizen fase bakoitza.

Telebistako reality horiek gertutik bizi izan dituzunez, animatuko zinateke batean parte hartzera?

Jejeje galdera ona eta maiz egin didatena. Conquisak beti deitu izan dit atentzioa probei dagokienez, realitya ez zait horrenbeste gustatzen, jendearen arteko liskarrak eta, nahiz eta egoera hoietan ongi moldatuko nintzelakoan egon, nahiago bertan ez aurkitu. Gainera orain aurkezle moduan egon ondoren nahiago dut abentura paper horretan bizi.

Lur Errekondo Astore 2023 04 27 2784 NEF DxO DeepPRIME
Lur Errekondo Astore 2023 04 27 2855 NEF DxO DeepPRIME 1

Kirola alde batera utzita, zer zaletasun dituzu? Zerekin deskonektatzen duzu?

Zaila da kirola alde batera uztea denbora gehien kendu didana bera izanda… musika asko gustatzen zait edozein generotakoa, kontzertuak ikustea gogoko dut, lagunekin eta familiarekin denbora pasatzea, leku berriak ezagutzea, esperientzia berriak bizitzea, denbora dudanean irakurtzea ere bai baina zaila egiten zait burua lasai edukitza horretarako.

Zer eskatzen diozu kirol-arropari? Nola gustatzen zaizu gimnasioan edo entrenatzeko orduan janztea?

Kiroletako arropa elastikoa eta oso erosoa izatea gustatzen zait. Galtzak estuak edo mallak ditut gogokoen ta goiko aldetik berdin dit estua edo zabala izan, praktikatzen dudan kirolaren arabera izaten da, harrirako topa bakarrik erabiltzen dut, aizkorarako estua den zerbait mugitzen ez dena eta molestatuko ez didana, crossfiterako, korrika egiteko, etab. berdin dit. Eta eskatzen jarrita koloretsua izatea ere gustatzen zait, eguneko ordu asko pasatzen ditut kiroletako arropa jantzita eta alaia izatea gustuko dut.

Lur Errekondo Astore 2023 04 27 2885 NEF DxO DeepPRIME
Lur Errekondo Astore 2023 04 27 2943 NEF DxO DeepPRIME

Zu ere izan zara txikitan astore jantziren bat izan duzun horietakoa?

Bai jejeje txandala izaten genuen gehienek euskal herriko futboleko ekiporen batekoa. Errealekoa eta Osasunakoa ditut gogoan.

Erronka bat botatzen dizugu. Badakizu Astore Lagunak taldean one wall pilotari bat eta zesta-puntista bat ditugula. Animatuko zinateke diziplina horiek praktikatzera?

Buenooo…jajaja praktikatzera animatuko nintzen bai, nire belaun ortopedikoak kontuan hartuta zesta-puntan akaso hobe moldatuko nintzen, one wall-ean egoten diren abiadura eta norabide aldaketak kontuan hartuta, baina batek daki.